Euskal diasporeak lurraldetasunaz dauen ikuspegia aztertuko dau Eneko Bidegainek

Bizkaie! 2021-05-03 10:27   Euskaldunak munduan

AEBetan egonaldia egingo dau, Jon Bilbao Katedreari esker.

Eneko Bidegain (argazkia: Mondragon Unibertsitatea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Estadu Batuetako Reno urian (Nevada) dagoan Euskal Ikasketen Zentroak euskal diasporearen inguruko ikerketak bultzatzeko egonaldiak antolatzen ditu urtero edo urte birik behin, Jon Bilbao Katedrearen babespean. Aurtengo deialdira aurkeztu diranen artean, Eneko Bidegain aukeratu dabe, eta urteko bigarren erdian hilebetez egongo da Renon.

Hauxe da Bidegainen ikerlanaren izenburua: Euskal Herri kontinentaleko jatorriko diasporako kideek AEBetan eta Euskal Herriari buruz bilatzen eta jarraitzen dituzten informazioak, paperezko gutun eta aldizkarietatik aro digitalera: euskal lurraldetasunaz duen ikuspegia.

Hau da, Ameriketan bizi diran euskaldunek, Lapurdin, Zuberoan edo Nafarroa Beherean jatorria dabenek, Euskal Herriaren inguruko informazinoa bilatzeko orduan ze ikuspegi daben aztertuko dau Bidegainek, batez be lurraldetasunaren aldetik. Historian zehar informazinorako ze bide erabili dituen begiratuko dau, gutunetatik gaur egungo gailu digitaletara, Euskal Herriaz eta hartzen dauen lurraldeaz daben pentsakeran arretea jarrita.

Jon Bilbao Katedrako epaimahaiak hainbat erespideren arabera aukeratu dau Bidegainen proposamena. Batetik, jakina, euskal diasporearen errealidadeari bete-betean eragiten deutsan gaia da. Bestetik, lanaren interesa eta kalidadea aitatu ditue, genero ikuspegia kontuan hartzea eta gaiari alde barritzaileak gehitzea.

2014an sortu eben Jon Bilbao Katedrea Nevadako Euskal Ikasketen Zentroaren eta Etxepare Euskal Institutuaren artean, euskal diasporeari eta kultureari buruzko ezagutzea nazinoartean zabaltzeko. Etxeparek bultzatzen dituan beste zortzi katedren aldean desbardina da hau, irakasgai bat emoteko izan beharrean ikerketarako dalako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu