Sexu-indarkeriaren aurrean esku hartzeko prestakuntza berezia jarri dabe martxan

Bizkaie! 2024-05-07 07:45   Kulturea

Graduondoko honi esker, sexu-indarkeriak identifikau eta diagnostikau ahal izango dira.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Deustuko Unibersidadeko errektore Juan Jose Etxeberriak hitzarmena sinatu dabe, 2024-2025 ikasturtetik aurrera sexu-indarkeriaren aurrean esku hartzeko berariazko prestakuntzea jorratzeko. Akordio horrek jarraipena emoten deutso orain hogei urte baino gehiago hasitako erakunde bien arteko lankidetzeari, emakumeen kontako indarkeriaren aurrean esku hartzeko Euskadiko lehenengo masterra martxan jarri zanean hasi baitzan bien arteko lankidetzea.

Sexu-indarkeriari aurre egiten laguntzeko graduondokoari esker errazagoa izango da kausak sakon ulertzen, bai eta horreek ebitetako tresnak emoten be. Online formatuan, 2024ko urrian hasiko da eta arlo horretan entzute handiko profesionalek emongo dabe. 24 kreditu ditu (600 ordu) eta gai honeek landuko ditu: esku-hartze psikosoziala eta instituzionala, trauma eta krisi egoeretako arreta terapeutikoa eta ziberindarkeria sexualak edo indarkeria horreek prebenidu, antzemon eta identifiketea. Arazo horri heltzeko, espezializazino handiko ikuspegi integrala, diziplinartekoa eta intersekzionala behar da, bai eta esku hartzeko prozesuen eta erakunde-egituraren ikuspegi orokorra be. Esparru horretan egin barri dan arau garapenak berariazko prestakuntzea daben profesionalen eskaera soziala eta instituzionala sortu ditu. Esangura horretan, ikasketa horreek araudi barriari eta araudi horrek eskatzen dituan lanbide-profilei erantzuten deutsee. Gainera, urtekera profesionala izango dabe erakunde publikoetara bideratuta, administrazino eta gizarte-zerbitzu guztiek, erakunde pribatuek, alkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek edegiko dituen arreta-zentroetara. Emakundek programa honetan ikasteko berariazko bekak eskainiko ditu.

Akordioa sinatzeko ekitaldian Raquel Royo, graduondoko programearen zuzendaria eta Ane Ferran, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultadeko dekanoa, be izan dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu