______________________________________________________________________________________________________________________________________________________
 
 
 
 
       
     
 
 hasikera >bizkaiera-euskalkia

  Sarrerea Geografia eta historia Sarrerea Historia eta iturriak
  Fonetikea eta Fonologia Mendebaldeko bizkaierea Fonetikea eta Fonologia
  Izen Morfologia Ekialdeko edo Markinako bizkaierea Izen morfologia
  Aditz Morfologia Gipuzkoako bizkaierea Aditz morfologia
  Sintaxia   Sintaxia
  Lexikoa    



 

 BIZKAIERA OROKORRA

 Izen Morfologia

 Deklinabidea

1. Euskalki osoan, pluralean ez da bereiztuten nor eta nork (-ak/-ek).

2. /a/ organikoa daben berbek -a artikulua hartzen dabenean -ea egiten dabe singularrean, baina ez inesiboan edo pluralean: neskea baina neskak.

3. Mugabakoan datiboak -r hartzen dau leku askotan: Mikeleri, horreri.

4. Soziatiboan, oro har, -agaz erabilten da singularrean (lagunagaz) eta -akaz (lagunakaz) pluralean, baina baita -ekin be pluralean, Ekialdeko eta Gipuzkoako bizkaieraz batez be.

5. Soziatiboa -agaz eta instrumentala -az askotan nahastetan dira ahozko euskeraz: Mutila(ga)z (soziatiboa), Mutilaz (instrumentala).

6. Ohikoa da -tik erabili beharrean -rik erabiltea.

7. Gehienetan -entzako erabilten da -entzat -en ordez.

8. -i buruz erabili ordez -en ganean, -en inguruan eta -en goraberan erabilten da.

9. Berbeta batzuetan noraino adierazoteko noragiño, noraño eta noranoik erabilten dira.

10. Batuaz norantz dana, bizkaieraz -runtz da ekialdeko bizkaieraz eta -rantz mendebaldekoan.

11. Mendebaldeko euskeraz izen bizidunen deklinabidea NOR kasuaren ganean be egiten da. Euskera batuaz eta ekialdeko euskalkietan, orokorrean, NOREN kasuaren gainean..
      a. Alabeagana (alabiegaiñe) joan da. 'Alabarengana...'


________________________________________________

 Izenordainak eta eratorriak

1. Izenordain pertsonaletako beste euskalkietako forma indartuak bizkaieraz arruntak balitzaz lez erabilten dira: neu, ni-ren ordez.

2. Edo + izenordain galdetzailea egiturako izenordain zehaztubakoen sail osoa dago bizkaieraz: Edozer, edonoiz, edozelan... gisako izenordainak erabilten dira zernahi, noiznahi... eta antzekoen ordez.

3. Nor edo nor, zer edo zer, behin edo behin formak erabilten dira norbait, zerbait, noizbait... eta antzekoen ordez.

4. Zer galdetzaileak balio plurala adierazo behar dauenean, zertzuk erabilten da haren lekuan.
      a. Zertzuk esan deutsuz horrek?

5. Gaur egun hiztun askok zertzuk + izena be erabilten dabe:
      a. Zertzuk gauzak erosi behar dira konbidadu-bazkarirako?

6. Izenordain alkarkaria alkar da, Bizkaiko hainbat lekutan arkal erabilten da kontsonante trukaketaz, baita algar be.


________________________________________________

 Zenbatzaileak

1. Aldra zenbatzailea batzuetan animalia taldeak adierazoteko erabilten da, eta beste batzuetan taldea orokorrean adierazoten dau. Izenagaz alkarketea egiten dau:
      a. Gazte-aldra handi bat
      b. Ganadu-
aldrea

2. Apur bat zenbatzaileak zeozeren gitxitasuna adierazoten dau.
      a. Patata-tortila apur bat jango dogu?

3. Ato zenbatzailea batetik animalia taldeak adierazoteko erabilten da eta, bestetik, taldea be adierazoten dau orokorrean:
      a. Behiak atoan dabilz

4. asko-askoren zentzun bera hartu leike bost zenbatzaileak ingurune adierazkorretan erabilita.
      a. Bost bider esan deutsat

5. Harridura-perpausetan baino ez da erabilten hamaika(txu) zenbatzailea: balio enfatikoaz edozelan be. Ugaritasuna adierazoten dau.
      a. Hamaikatxu sufridu genduan gerrea zala eta ez zala.

6. Edozenbat zenbatzaileak ugaritasuna adierazoten dau. Izenaren aurretik erabilten da, inoiz bera bakarrik be bai.
      a. Pagadi haretan edozenbat perretxiko batu genduzan.

7. Franku zenbatzailea, esangureari jagokonez, asko eta ugariren antzekoa da. Batzuetan, adberbio moduan erabilten da eta nahikoren parekoa izan daiteke. Izenari laguntzen deutsanean honen aposizinoan ipinten da.

8. Guraina edo gure adina konparazino-egituran oinarrituriko zenbatzailea da. Honen lekuan zenbatgura erabilten da beste leku batzuetan.
      a. Guraina jan eta edan egin ondoren, lotara joan ziran.

9. Horrenbat zenbatzailea mendebaldean erabilten da konparazino-zentzunaz, horrenbeste edo horrek beste adiereagaz.
      a. Zenbat kostau jatzu. Mila hogerleko edo? - Bai, horrenbat.

10. Mordo zenbatzailea ugaritasuna adierazoten dau eta izenaren atzean ipinten da.
      a. Jente mordoa

11. Nahia zenbatzailea ugaritasuna adierazoten dauen berba mugatzaileduna da.
      a. Nahia daukagu piperra.
      b. Piper nahia daukagu.

12. Zarrastada eta parrastada zenbatzaileak batez be likidoakaz erabilten dira eta izenaren atzean ipinita.
      a. Ur parrastada bat

13. Ugaritasuna adierazoteko beste zenbatzaile bat da partida.
      a. Opari partidea ekarri deusku.

14. Batuazko pila baten sinonimoa da pilo. Ugaritasuna adierazoten dau.
      a. Jente piloa egon zan atzoko batzarrean.

15. Zenbatgura zenbatzaileak ugaritasuna adierazoten dau eta izenaren aurrean jarten da.
      a. Haregaz zenbatgura barre egingo dozu.

16. Pitin(txu) bat zenbatzaileak urritasuna adierazoten dau eta izenaren atzean jarten da.
      a. Itxaron pitintxu baten

17. Bizkaierearen ekialdean oro zenbatzaileak bizirik dirau oraindino:
      a. Ikasle oro, Ikasleak oro


________________________________________________

 Erakusleak

1. Bereizia da bizkaiereak agertzen dauen erakusleen taulea, batez be pluralari jagokonez, erro berbereko erakusleak erabilten diralako singularrean eta pluralean:

 KASUA
SINGULARRA
PLURALA

NOR hau, hori, ha honeek, horreek, hareek
NORK honek, horrek, harek honeek, horreek, hareek edo hak
NORI honi, horri, hari honeei, horreei, hareei
edo
honeri, horreri, hareri.
NOREN honen, horren, haren honeen, horreen, hareen.
NORENTZAT honentzat, horrentzat, harentzat honeentzat, horreentzat, hareentzat.
NORENDAKO honendako, horrendako, harendako honeendako, horreendako, hareendako.
NORGAITIK honegaitik, horregaitik, ha(re)gaitik edo
haugaitik horigaitik hagaitik.
honeekaitik, horreekaitik, hareekaitik
NOGAZ honegaz, horregaz, ha(re)gaz honeekaz, horreekaz, hareekaz.
ZEREZ honezaz, horrezaz, ha(re)zaz
edo
honez, horrez, harez
honeezaz, horreezaz, hareezaz
edo
honeez, horreez, hareez .
NON honetan, horretan, ha(re)tan honeetan, horreetan, hareetan.
NONGO honetako, horretako, ha(re)tako honeetako, horreetako, hareetako.
NONDIK honetatik, horretatik, ha(re)tatik honeetatik, horreetatik, hareetatik.
NONDIK honetarik edo honik, horretarik,
ha(re)tarik edo harik
honeetarik, honeetarik, hareetarik.
NORA honetara, horretara, ha(re)tara honeetara, horreetara, hareetara.
NOrenGAN honegan, horregan, ha(re)gan honeekan, horreekan, hareekan.

2. Herriko euskeraz eredu bi dira nagusi: bata, erakuslea eta gradu bereko artikulua erabilten dituana (hau andreau, hori gizonori, honeek gazteok...); bestea, erakuslea edozein izanda be -a / -ak artikuluak erabilten dituana (hau andrea, hori gizona, honeek gazteak...).

3. Leku batzuetan azentu bereizgarria erabilten da forma bikoxtuak ezbardintzeko: aréntzat/árentzat

4. Erakusle indartuak sortzen dira -xe, ha-, ber-, eur- hizkien bidez:
      Hauxe, horixe, haxe
      Berau, berori, bera
      Eurak, eurok
      Haau, haori, haa

________________________________________________

 Bestelakoak

1. -dade atzizkia erabilten da batuaren -tatearen ordez izen abstraktuak osotzeko.

2. -eru atzizkia erabilten da, lanbide izenetan batez be, egilea adierazoteko: tanbolinteru.

3. -zino atzizkia erabilten da -zioren ordez: botazino.

4. -do atzizkia erabilten da ugaritasuna adierazoteko: bizardo.

5. -zto atzizkia erabilten da ugaritasuna adierazoteko: gosezto.

6. -ga atzizkia erabilten da eztasuna adierazoteko: indarga.

7. -tzaka atzizkia erabilten da adberbioak osotzeko: isiltzaka.

8. -to atzizkia, berez, izaki baten txikitasuna adierazoteko txertatzen jake berbei. Baina mendebaldeko euskeraz, -to atzizkiak ia beti handi-zentzuna emoten deutse izenei, -txu atzizkiak, ostera, txikitasuna adierazoten dau. Halandaze, gaur egungo euskeraz, berba askotan -to / -txu aurkakotasuna dogu, lehenengoa izaki bat handiagotzeko eta bigarrena txikiagotzeko:

      a. Andra/ Andrato/ Andratxu
      b. Gizon/ Gizato/ Gizontxu
      c. Neska/ Neskato/ Neskatxu


9. Arean be esapideak, bape graduatzailearen balio eta eremu bera hartzen dau eta ezeztapena agertzeko erabilten da. Harek baino erabilera mugatuagoa dauka, ostera.
      a. Ez da izan arean be gozoa atara deuskuen ardaoa.

10. Bape graduatzailea ezeztapena agertzeko erabilten da eta zabal-zabal dabil bizkaieraz.
      a. Hori egoerea ez da bape samurra.

11. Upealako graduatzailea nonor edo zeozer handia, ona edo itzela dala agertu gura danean esaten da.
      a. Upealako etxea daukie Bakion.

12. Bizkaieraz, aurrekoak lez, bada handitasunaren barri emoten dauen beste graduatzaile bat: lakoxe.
      a. idiskoa lakoxe morroia ikusi neban hondartzan.

13. Bizkaian, -egi atzizkia erabili beharrean, sarritan lar erabilten da aurre-berba lez, bai adjektiboaren bai aditzondoaren aurretik:
      a. Lar ona da


________________________________________________

 Hizki eta posposizino batzuk


1. Adi posposizinoaren erabilerea da itxaroten dagoala adierazotea (-ren daroala), eta begira dagoala adierazotea (-ri edo -ra daroala):
      a. Gure adi egon barik, arin alde egiten dau.
      b. Umea koloreei adi egoten da.
      c. Albora adi barik, joan zaitez aurrera adi, atzerik hara inor jo           ez daigun!

2. Aginean edo aginik posposizinoaren erabilerea, testuetan batez be, arriskua azaltzen daben aditz partizipioen ondoan, -teko zorian, -teko puntuan adierazoteko:
      a. ikusirik zeuen arimaak […] infernuko oxinean ondatu          aginean, etzaree [ansiatuko] larrituko […]?

3. Alboan posposizinoaren erabilerea egiten da izen soilagaz edota -en genitibo atzizkidunagaz, ondoan adierazoteko. Gaur kasu-atzizkiakaz (-an, -ko, -tik, -ra) agertzen da normalean.
      a. Etxe alboan pinua sartu dabe.

4. (-) arren posposizinoa erabilten da izen-adjektiboakaz eta aditzizenakaz:
      a. Izenakaz: bildurrarren, damuarren, gitxiarren, itxurarren,           Jainkoarren,
      b. Adjetiboakaz: alperrarren, (zeure) ederrarren, nagiarren...
      c. Aditzizen eta aditz partizipioakaz: Guk gura izan ez arren,           beste askok bai gura leukie.

5. Ate posposizinoa -tik atzizkidun berbakaz erabilten da gehienbat gaur egun, baina lehenago -z instrumentalaz, at, kanpo, landa, leko adierazoteko:
      a. Eguneroko zereginetatik ate izaten eban lagunakaz kafetxua           hartzeko astia.

6. Atxakian, atxakiagaz erabilten da dala-eta, estakuruan, desenkusa adierazoteko bai izen edo izen-multzoak -en dauela (zeozeren atxakian), bai aditzizenagaz (Hara joateko atxakian ez genduan eskolarik emon) eta bai mendeko perpausetan be, aditz jokatuari -n atxakian erantsiz.

7. Atxina, itxina, atxine, itxine posposizinoa erabilten da -tik aurrera, -tik zehar, -an gaindi, -an barrena egituren zentzun berberan:
      a. Gure mutilek hartu dabez oporrak, eta hortik atxina joan           dira.

8. Bako posposizinoa erabilten da eztasuna edo gabeziaren adiera nagusiagaz, batez be adjektiboak sortzeko eta aditz partizipioagaz edota partizipio-perpaus oso bategaz. Beste euskalkien 'gabeko' posposizinoaren sinonimoa da:
      a. Amaibako
      b. esan bako, ikusi bako, etorri bako


9. Barik, baga, bagarik beste euskalkien 'gabe' posposizinoaren sinonimoa da:
      a. Lagun barik
      b. Gure diruak barik
      c. Ezer barik
      d. Esan barik

10. Barri, barria, barririk posposizinoa beste euskalkien 'berri' posposizinoaren parekoak dira.
      a. Zuk dakizu horren barri
      b. Hemengo barri
      c. Abade egin barri

11. barru(an) eta enparauak ekialdeko euskalkien 'barne' posposizinoaren sinonimoak dira.
      a. Etxearen barrura
      b. Astebete barru
      c. Danok barru!

12. beste, bestean, besteko posposizinoak kantidadea adierazoteko erabilten dira, eta 'adina'-ren sinonimotzat hartu daiteke.
      a. Ha beste izan.
      b. Hemengo beste ez dago beste inon.
      c. behar dan beste...

13. duin posposizinoa Bizkaiko tradizinoan agiri dan moduan, ekialdean doi daukagu. Duin erabilten da bardintasunezko konparazinoa egiteko, nahikoa edo behar-beharrezkoa dana adierazoteko eta gai izan adierazoteko:
      a. Liburu hau ez da argitara aterateko duin
      b. Jangoikua duin edo gehiago...
      c. Honegaz duin daukagu gure zorrak pagetako

14. Edu arrunta eta eredu klasikoa erabilten da izen, izenordain, erakusle eta antzeko kategoriakaz sintagma gehienbat nor edo nork kasuetan dala; berbetaatzizkiaz; aditzizenaz, -teko toki-genitiboaren ondorik... Posposizino honen sinonimoa '-ren arabera', '-modu' batzuetan (gaur be) izen edo izen-multzoa -en atzizkiaz doala; aditz jokatuaren ondoren, -n da.
      a. Zuk edu kulpa edo gehiago dauka berak.
      b. honen eduko gizonak.
      c. ez esatea gurako zenduan edu
      d. Jo-ala makillada artzeko eduko astotzar andija

15. Erruz posposizinoa esangura negatiboaz erabilten da: zoritxarreko barriren bat adierazoteko -en atzizki genitiboaz lotzen da beti.
      a. Guraso batzuen erruz

16. garrenean, -garren, garrenera, garrenetik, garreneko, garrengo posposizinoak bizkai euskeraz, beste euskalkietan gitxi ikusten dan erabilera bat dauka, hasikeratik une jakin batera heltzen dala adierazoteko (handik / harik … -ra) erabilten dalako. Denpora eremuko izenakaz erabilten da batez be, orduekaz eta izen batzuk bete hitzaz osotzen dira unidadea edo bat izatea adierazo gura danean.
      a. Hemendik ehun urte garrengo holantxe egotea gura leuke.
      b. handik urtebete garrenera
      c. ordu erdi garrenean

17. ginoan, gino, ginoko posposizinoak goren graduko konparazinoa eta bardintasunezko konparazinoa adierazoteko erabilten dira.
      a. Horretaginoko ume lotsabakorik ez da inon izango!
      b. Jausitakoa handiagoa dan ginoan, durundia handiagoa.

18. Dan ginoan esapideak esangura egina dauka: ahal dan bestean, ahalean.

19. goien posposizinoa eta enparauak goiko parte edo alderdia adierazoteko erabilten dira eta denpora zentzuna hartzen dabenean, akabuko aldia:
      a. udagoien, astegoien,
      b. Deba goiena...
      c. XIX. mende goieneko autoreak

20. hur, hurrean, hurreko posposinoak inguru, aldera posposizinoen sinonimoak dira
a. Hemendik hur bizi da.
      b. Bere hurrean bizi dau alabea.
      c. Hamabiak hur-hurrean dira

21. Lain edo lagin berba zaharrak atal, parte, neurri esangura dau. Konparazino egiturak eregiteko atzekari lez erabilten danean, kantidade-bardintasuna adierazoten dau.
      a. jateko lain
      b. etxerako lain

22. lako, lakoxe(a), beste euskalkien bezalako eta 'bezalakoxe'-ren sinonimoak, Bizkaiko autore klasikoek lango formari abegi handiagoa egin deutsie. Baino lako eta lango darabilez autore nagusiek, lango sarriagotan daroela. Halanda be, gaur egun jokera nagusia lako erabiltea da.
      a. zu lako
      b. Umeak lako
      c. Umeen lako

23. Legez eta honen aldaerak diran lez, letxe, legezko posposizinoak beste euskalkietakoak bezela posposizinoaren sinonimoak dira. Legez tradizino idatzian erabili izan da, besteak XX. mendean zabaldu ziran batez be. Forma indartuak letxe eta legetxe dira.
      a. neskak lez
      b. hemengo lez,
      c. Agindutako lez...

24. Ostean posposizinoa denporearen eremuan, ondoko edo geroko aldiunea adierazoteko erabilten da edo atze posizinoa espazioan.
      a. Mezearen ostean
      b. Etxe ostean

25. pekoan eta pekora posposizinoak (norbaiten edo zerbaiten ardurapean dagoala adierazoteko) bitzuk erabilten dira, baina Ekialdeko eta Gipuzkoako bizkaieraz (Ondarroa, Eibar, Markina...) bigarrena entzuten da.
      a. haren pekora geratu ziran umeak.

26. pentzuan posposizinoa erabilten da zerbait edo norbaiten menpe dagoala adierazoteko.
      a. seme-alabak amaren pentzuan geratu ziran.
      b. Ez egon nik ekarteko pentzuan.

27. Podezuz, porasuz, podazuz, podezuz... posposizinoak gauzea zeren ondorena dan adierazoteko erabilten dira, hots, '-ren puruz', '-ren poderioz', '-ren (k)ariaz' posposizinoen sinonimoak dira.
      a. Denporearen podezuz

28. pozean, pozaz posposizinoak erabilten dira ilusinoa eta itxaropena adierazoteko
      a. Horrexen pozean joan
      b. Herrira joateko pozean

29. Podezuz posposizinoaren sinonimoa be bada puruz posposizinoa.
      a. urteen puruz

________________________________________________