| |
|
|
| |
| Bizkaierea, literatur
euskalki legez, ez zan berandura arte landu.
Egon egon dira bizkaieraz idatzitako testuak
baina, esandako moduan, literatur hizkuntzearen
eregiteari jagokonez, bizkaierea ez zan XIX.
gizaldira arte literatur euskalki bilakatu.
XVI. mendekoak dira lehenengo idazlanak, eta
idazkiotan gipuzkerea baino landuago agertzen
jaku, gorde diran izkribuetan behintzat. Dana
dala, hurrengo mendeetan, XVII. eta XVIII.
mendeetan hain zuzen, nabarmena izan zan beheraldia.
Lapurtereak euki eban hasikeran garapenik
handiena eta gero, Larramendiren ondorengo
berbizkundeagaz, gipuzkerea indartu zan gehien.
Bizkaierazko literaturearen urterik garrantzisuenak
1802-1803 izan ziran, eta idazle bi nabarmendu
ziran gehienbat: Mogel eta Añibarro.
Duda barik, idazle handi bi horreek eregi
eben bizkaiera idatzia, bide ezbardin bi urratu
baebezan be. Mogelek Markinako eskolea deitutakoa
sortu eban, eta Arratiako eskolea, barriz,
Añibarrok. Edozelan be, XIX.eko lehenengo
urteetan gertau zan loraldiaren ostean, mendearen
erdialdean, bizkaieraz idatzitako literaturea
nabarmen gitxitu zan. Datuok garbi ixten dabe
adierazotako egoerea:
Urteak Argitaratutako
liburu barriak
1800-1820 15
1840-79 5
Kontuak kontu, XIX. mendearen azken hamarkadan
bebizkundea gertau zan barriro, eta urte
horreetan bizkaieraz argiratutako liburu
eta artikuluen kopuruak gora egin eban,
aurreko garaietan baino askozaz gehiago.
Oso garrantzitsuak izan ziran urte horreetan
sortutako lehenengo aldizkariak, Euskalzale
eta Ibaizabal esate baterako, R.M. Azkueren
zuzendaritzapean. Horreez ganera, Euzkadi
izeneko aldizkaria be plazaratu zan, geroago
egunkari bilakatu zana. Aldizkari-egunkari
honek abertzaleen giroagaz lotura handiagoa
eukan. Euskalzaletasuna be, asko garatu
zan sasoi horretan, eta horregaitik euskerearen
ganeko idazlan asko eta asko argitaratu
ziran. Arlo honetan aitatu beharrekoak dira
izen batzuk: Resurrección María
Azkue, Sabino Arana Goiri eta Arrandiaga;
baina ez ziran izan idazle honeek arlo honetan
jardun eben bakarrak. Zoritxarrez, eta bizkaiereagaz
lotuta, susperraldi honetan, muzin egin
jakon aurreko literatur tradizinoari eta
literatur hizkuntza barri eta "garbi"
bat eregiteari ekin jakon: hiperbizkaierea
deitutakoa. Horrenbestez, XIX. mendearen
hasikeran loratu ziran Arratiako eta Markinako
eskolek abiatuarazotako berbetea albo batera
laga zan, eta Azkuek eta Aranak beste bide
bat jorratu eben bizkaierarako.
|
| 1890-1936 urte
bitarteko epearen inguruan berba egiten danean,
gauza bat azpimarratzen da: garbizaletasunaren
erreinua izan zala. Arlo horretan aranatarren
eskolea agertzen jaku garbizale lez, eta azkuetarren
eskolea, barriz, herriko euskerearen alde.
Holan dino Villasante zanak:
"Alde batetik,
aranatarren eskolea daukagu (ezaugarriak
gorago azaldu doguz). Hareen jokerea zehatz
barriztatzailea eta guztiz garbizale eta
neologismozalea izan zan. Hizkuntzea aldez
aurretiko eta logikeagaz lotutako erixpideen
arabera antolatu eben, benetako erabilereari
bizkarra emonez. Horreen kontra (bakotxak
bere ñabardurakaz), Azkuek, Kanpionek
eta Urkixok beste bide bat eregi eben. Jokera
honen arabera, euskerearen ikerketea eta
beronen literatur erabilerea oinarritu behar
ziran, bai aurreko literatur tradizinoan
eta bai ahozko berbakeran be".
Baina geroago ikusi
izan danez, azkuetarrak be aranatarrakaz
bat datoz gai askotan, eta bai batzuen eta
besteen testuetan aurreko tradizinoagaz
zerikusirik ez daukan gertaera franko ikusten
da. Ganera, hiperbizkaierearen iturria,
hau da, bizkaierazko literaturearen aditz
morfologia gramatika-eritxien arabera aldatzeko
saio nagusia Azkueren Euskal-Izkindea
izan zan. Urte batzuk geroago, Manuel Arrandiagak,
aranatarren eskolearen sortzaile nagusienetako
batek, Euskal-Izkindean jasotako
ondarea garatu eban.
Ikusi daiguzan honeek
testu biak:
Azkue, Euskalzale
1897:
"Eztot gomuta
nik gaurrarte eskatu dautsadan gauzarik
iaritsi edo eskuratu eztodana. Iaungoiko
guztiz altsuak beste zorionekoai iarispide
bat edo beste emon izan dautse gutzat eskergarri
edo mesedeak lortuteko. (...) Merkatari
oni, il-orduan, Andra Maria ta bere Semea
ta Iose agertu iakazan: da esan eutsen:
"Zeuk zeure etsean artuten izan gozuzan
eskero, geuk geurean artu gura zauguz".
Arrandiaga (aranatarren
eskolea, Goizparaik eta Beldubaik egina)
"Goizpara, edo
goizpera ereisten dautsagu euskeraz erdeldunen
agoz evangelium, evangelio, évangile,
ta a. danari. Eta eretxi, be, egoki eretxi
Goizpara. Goiko Jaunak bere Semiagaz bidaldu
dauskun izpar ona, gotik. Beragandik bidaldu
dausku. (...) Josu-Kisto'z atxin iagiko
diran gustijaik, ari gogor onetan jo ta
autsi egingo dira, autsi sakabanatu ta deuseztu
egin diran letz erromatar agintzamendunaik
eta Doibatzaren beste etsai gustijaik. Batenbatzu
biztaldi onetan zoruntsu, Josu-Kisto'ri
jarkita, be, bixi baldin ba-dira. Josu-Kisto'ren
epai-gunari eztautsae iges egingo, ta Berak
orduban, jo ta apurtu egingo dauz."
Honeen testu bion bitartez
adierazo gura dogu eskola bien artean baegoala
holako batasun bat edo, berbak eta ortografia
albo batera lagata. Aitatutako batasuna
aditz morfologian agertzen da. Eskola bitzuek
aditz sistema erabat barritua erabilten
eben, ordura arte dokumentau bakoa. Sistema
barriaren agiriko ezaugarria ondokoa zan:
bizkaierarako beste euskalkietatik gehien
urruntzen diran formak hartu ebezala eta
ez, esaterako, gipuzkereagaz bat datozanak:
1.
-It- pluralgilea baztertu eben, eta
horren ordez -z hobesten da, Bizkaiko
leku askotan -it- erabili arren:
dodaz, dabez, nebazan...
2.
Zer-nori-nork jokoko aditz formetan bizkaieraz
-eu- erabilten dan arren, eredu honen
arabera idatzitako testuetan -au
berridazten da.
3.
Ezaugarri nagusi bi horreez ganera, hiperbizkaierearen
eredua finkauta ez egoanez, diferentziak
agertzen ziran idazle batetik bestera (urten
eta igon aditz iragangaitzakaz erabilteko
jokerea, galdera berbez osotutako esaldiak
alde batera lagatea...).
Hiperbizkaiereak euki
eban arrakastea gaur egun sinesgatxa gertau
arren, sasoiko giroagaz lotu behar dogu
eta, batez be, aitatutako ereduak abertzaleen
artean euki eban harrera onagaz.
Gerra ostean, barriz, Aita Villasanteren,
Lino Akesoloren eta A. Irigoienen eraginez
batez be, bizkaierea bere aurreko jokerara
itzuli zan, mendebaldeko tradizinora hain
zuzen be, Mikel Zarateren bidetik, Labayru
taldeak orain arte landu dauen legez.
|
Azken urteotan
bizkaiereak aurrerapauso handiak emon dauz
normalizetako bidean. Hurrengo lerroetan ikusiko
dan legez, bai Labayru ikastegiak www.labayru.com
eta baita Egunkariak www.bizkaiera.com
be proposamenak egin ditue ildo honetan. Alabaina,
kontrako ahotsak be entzun dira, batzuen ustez
ez dalako inondik be beharrezkoa eta, gehiago
be, hartutako bidea, euskerearen osasunaren
kontrakoa be izan daitekeala idatzizko bizkaiereari
jagokonez behintzat. Eztabaidea orain dala
ehun urte be pil-pilean egoan:
"Ante esta cuestión de vida ó
muerte del Euzkera, ¿qué importará
al patriota bizkaino que sólo se escriba
en Euzkera guipuzkoano, ó que el verbo
ó algunas palabras euzkéricas
ó terminaciones aquí usadas,
cedan su vez á las que otra región
vasca emplea?... (Federico de Belaustegigoitia,
Por la lengua nacional vasca, Bilbao,
1909, 22. orr.)
Dana dala, gerra aurrean
be hasi zan tradizinoagaz bat etorren bizkaierea
idazteko eredu bat, nahiz eta garai horretan
hiperbizkaierea nagusi izan. Sebero Altube
izan zan, Azkueren Morfología
Vasca-ri eginiko "Observaciones"
izeneko idazlanean, aditzean zein beste
arlo batzuetan, eredu klasikoaren argia
erakutsi ebana. Zamarripak be, bizkai herri-euskeraren
argibide jakingarriak emon zituan. Gerra
ostean, Arantzazuko frantziskotarrek be
gramatika-ohar zuzenak eskaini zituen. Joseba
Intxaustiren Euskal-Aditza. Gipuzko-bizkaierak
(1960) gramatikeak, esate baterako, euskalki
literarioen tradizinorik onenak izan zituan
iturri. Tradizino zaharraren iturrira jo
eban Eusebio Erkiagak bere literaturgintzan
eta era apalagoan Aresti edo Irigoienek
eta Mikel Zaratek, Derioko Seminarioan eta
Udako Euskal Ikastaroaren gerizpean landu
zituan idazlanetan. Derioko Udako Euskal
Ikastaroa izan zan 1970etik gora bizkaierazko
eredu idatziaren eta haren literatur emoitzearen
ikaskuntzan saiorik gehien egin zituana.
1977tik aurrera, barriz, Labayru Ikastegia
arduratu zan bizkaiereaz. Beranduago, Eusko
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskara
Zerbitzuaren bidez eta Labayru Ikastegiko
irakasleakaz alkarlanean, oinarrizko arau
batzuk finkatu zituen: Bizkaieraren idatzizko
arauak. Deklinabidea eta aditza (1983)
eta Bizkaierazko Joskera (1984).
Azken urteotan, bizkaiereak birloralditxua
euki dau. Luzaroan galarazota euki dituan
esparru batzuetan be lekutxua egin jako.
Gaur bizkaierea erabilten da euskaldun helduen
eskoletan (Labayru Ikastegia), argitaletxe
batzuetan (Ibaizabal), Bizkaia Irratian,
zenbait ikastolatan, Bizkaiko Batzar Nagusietan,
zenbait udaletan..., aldizkariren baten,
eta batez be, Euskaldunon Egunkariak
argitaratzen dauan Bizkaia gehigarrian.
Ezin ahaztu, baita, bizkaieraz dagoan aldizkari
digital bakarra: Bizkaie aldizkari
elektronikoa alegia. Mendebalde izeneko
alkarteak be behar handia egin dau bizkaierearen
ganeko jardunaldiak antolatzen eta ikerketak
suspertzen.
|
|
Bizkaierea: Oinarrizko
Tresnak atalean, bizkaiera estandarrean
idatzi edo berba egiteko behar diran oinarrizko
tresnak eskaintzen ditue. Han esandakoa
Euskaldunon Egunkaria Bizkaia gehigarrian
erabilten da, ha argitaratzen hasi zanetik.
Hemen bizkaiera estandarrean idatzi edo
berba egiteko gaur egun dagozan oinarrizko
tresnak batu eta danak batera eskaintzen
dira. Hau da, aditza eta deklinabidea (Euskaltzaindiaren
oneritxidun Bizkaieraren Idaztarauak
liburuan jasoak eta osotuak) eta oinarrizko
gramatikea eta hiztegia batzen ahalegindu
dira. Erabilitako iturriak ugari dia: Bizkaieraren
Idaztarauak: Deklinabidea eta Aditza eta
Bizkaierazko Joskera (Eusko Jaurlaritzaren
Euskara Zerbitzuak argitaratutakoak biak),
"Bizkai euskera idatziaren morfologia-eredurako
zertzeladak" eta "Menderagailu
batzuen inguran" artikuluak (Adolfo
Arejitarenak), eta Euskal Gramatika Osoa
(Ilari Zubirik idatzia). Ganera, Euskaltzaindiaren
idaztarauak eta gomendioak kontu-kontuan
hartu dira. Beste alde batetik, hizkuntzearen
ganeko itaunak eta kontsultak egiteko prestauta
dago gune hau.
|
|
Labayruk bizkai euskerearen
eredu jagiari itxura egonkorrago bat emoteko
beste ahalegin bat egin dau: Bizkai Euskeraren
Jarraibide Liburua. Lehenengo pausuak.
Argitaratutako liburuan, bizkaierearen hitz-joko,
esate-modu, sintaxi-berezitasun eta esangura
askoren argibide eta norabideak aurkituko
dauz irakurleak, morfologi ereduakaz batera.
Behar hau ez da hutsetik sortu: bizkai euskerearen
inguruan lehenagotik egin diran finkatze-ahaleginen
jarraiko katebegia da. Gerra ostean euskerearen
batasunaren beharra nagusitu eta hatarako
egarria biztu zan, eta bizkai euskerea gitxienduta
geratu zan. Halan da be, idatzirako gramatika-araubideak
isurtzen joan dira. Erabilten dan bizkaiera
eredua tradizino idatziaren eta ahozko euskera
biziaren ardatzetan oinarritua dago.
Aitatutako liburuan
deskribetan diran alderdiok honeek dira:
deklinabidea, graduatzaileak, hitz-atzekariak,
determinatzaileak eta berben sortze-bideak.
Joskereari, gitxi-gitxi baino ez jako heldu,
beste liburu baterako itziz.
|
|
|
| |
|
|
|